XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HITZAURREA

Industri Ondarea, industri munduak dituen konnotazioengatik, beti ere lan eta kutsadurari lotua, nahiko baztertua edo mespreziatua izan da beste giza iharduera batzuren ondorio bezala sortu diren elementu eta espresioen aurrean.

Hala ere, azken bolada honetan hasi dira hainbat lan ondare honi dagokion lekua emateko ahaleginak egiten berari buruzko ikerketak, argitalpenak eta erakusketak eginez.

Gu geu 1990eko martxoaz geroztik Industri Ondarearen Zenbaketa lanetan ari gara Gipuzkoan, Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila burutzen ari den Industri Ondarearen zenbaketa proiektu zabal baten barruan.

II. Gerriko Ikerlan-Sariketaren oinarriak argitaratu zirenean, 1990ean, orduantxe genuen bukatu berria Goierriko Industri Ondarearen zenbaketa lana, eta sariketa honen berri izan genuenean, bururatu zitzaigun gure lanaren zati bat hartu eta ikerketa sakonduaz lan bat aurkeztea.

Goierrin Industri Ondarea oso garrantzitsua da bai aztarnen ugaritasunagatik eta baita ere beraien kalitate eta desberdintasunagatik ere.

Meatzaritzaren aztarnen ikerketa hartu genuen ordea gaitzat.

Horren arrazoi nagusiena aztarna hauek duten monumentaltasuna eta garrantzia izan da batez ere; eta kontuan izanik goierritarrek duten ezagupen eza eta beraiek duten desagertzeko arrisku latza, ba Goierriko Euskal Eskolaren sariketa honek aztarna horiek ezagutzera emateko eskaintzen duen bidea nolabait ere erabiltzea erabaki genuen.

Azterketa egiterakoan bi aldetatik jo dugu, alde batetik dokumentazio eta bibliografia miatu beharra izan dugu eta bestetik meatokiak arakatu ditugu aztarna horien arrastoak jarraituz.

Dokumentazioari buruz zera esan behar, benetan informazio galanta aurkitu dugula, baina hala ere nahi hainbat datorik ez dugu topatu, alor honetako ia ikerketa guztietan gertatzen den bezala; eta aztarnei buruz, zera, aurrez ezagutzen genituenaz gain beste zenbait ere erregistratu dugula.

Lan honen edukiaren zati handi batek ordea, Eusebio Lekuona jaunaren laguntza zuzen eta zehatza izan du aurretik, bere esanak behar beharrezkoak izan bait zaizkigu Zerain eta Mutiloako meategietako aztarnak aurkitzerakoan, eta bidezkoa zaigu hemendik berari eskerra luzatzea.